XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Illeko ipuiña

Iru egia

Kortezubi aldeko basoetan bizi zan-azeri zar batek, oillar kukurruku zoliak entzuten ebazan Foru aldean.

Gau baten baiño geiagotan abiau zan animali maltzurra egazti areeri atomadea egitekoatan, baiña bere maltzurkeri guztiekin ibai ertzean geldituten zan beti, beste aldera igaro eziñik.

Naitanaiez, ibaia igaro bear ba, oillarrak atrapau al izateko.

Alako baten, asmau eban asmetakoa azeri zarrak.

Uraren beste aldera eroaten baeban, iru egia jakingarri esango eutsazala esan eutsan, arrats epel baten, ibai ertzean bakez bizi zan-gizontxu bateri.

Gizontxua engaiñaerreza zan, eta ontzat artu eutsan artu-emona.

Lenengo egia, uretara sartu baiño len esateko zan.

Bigarrena, ibai erdian.

Eta irugarrena, urtekeran.

Azeri zarrak igon eutsan lepora, eta gizontxu jakingurea adi adi eukola, maltzurkeriz beterik esan eutsan lenengo egia au:

Illargi zuridun gaba, eguna baizen argia dala esango deusk baten batek. Ez orixe. Eguna beti argiago.

Ixilik eta pentsakor joiazan biak, eta ibai erdira eldu zireanean, bigarren egia, lengoa baiño biribillagoa:

Iñoren ama, ona dok. Baiña... norberarena baizen ona ez.

Asko jakik onexek, esan eban bere kolkorako gure gizontxuak.

Andiko bazterrera ia eldurik egozala, zastl salto egin eutsan lepotik motara, eta igesi joiala esan eutsan:

Lagun, prakatxu zarrak daukozak, baiña nire lako asko beste aldera pasetan badituk, aurrerantzean-be praka zarrak eukiko dozak.

Zurtz eginda, tamalez beterik geratu zan gizontxu gizaixoa, irugarren egia garratza entzun eutsanean.

Eta luki zarra pozik eldu zan oillar otsak zirean tokira.

Gure jolastoki eta ziñe etxeetan-be, azeri zar asko dabiz euren malmuzkeriekin izakera makaleko gazteak engaiñetan, eta zur ibilli bear dogu, azeri orreen menpean, igarri barik, jausi ez gaitezan.

Aurraitz

AURRE-APRAIZ, Balendin